XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bai. Erdarak duen eragina ez dago ukatzerik, eta guk nahi ez nahi, hori hor dago.

Baina gutxienez egin ditzagun ahaleginak hizkuntzaren nortasuna ere zaintzeko.

Oreka bat behar da gorde, bi ertzetatik berdin urrun egoten dakiena.

Eta honetan, hain zuzen, uste dut Juan Mateo Zavala gidari guztiz ona dela.

Ez du mende honen hasierako puristen gehiegikeriarik, baina ezta gure egunetako zabarkeriarik ere.

Beti erabili ohi du euskal hizkuntza bat arretaz hautatua, herriak erabili ohi duen hoberenean sendo oinarritua.

Eta badirudi hau dela bidea.

Euskaltzaindiak ongi daki euskara gaur bihurgune handi baten aurrean aurkitzen dela.

Egundaino izan ez dituen bezalako aukerak aurkezten zaizkio gaur euskarari.

Baina horrexegatik, hain zuzen, sekula izan ez dituen bezalako lanak eta eginbeharrak ditu, eta eginbehar horiei aurpegi eman behar die.

Euskarak ofizialtasun-maila lortu du sekula santan lehen izan ez duena, Administrazioan, Eskolan eta Irakaskuntzan sarrera egin du lehen inoiz egin ez zuena, euskalduna bera, lehen gehienbat nekazari-giroan bizi zena, orain hiritartu egin zaigu.

Guzti horrek esan nahi du euskara sekula gaur arte adierazi behar izan ez dituen gauzak adierazi beharrean gertatzen dela eta hitz berrien beharrean ere badela.

Gaur gizartean zabaldurik den kultura orokor hori adierazteko euskarak gaitu beharra duela, alegia.

Nola guzti hori egin, alde batetik euskararen nortasuna eta identitatea zainduz, eta, bestetik, gaurko kultura adierazteko behar diren hitzak bilatuz edo moldatuz? Hor da auzi honen gorabehera guztia.

Euskaltzaindiak uste du, printzipioz behintzat, euskarari ez zaiola aterik bat ere itxi behar.

Gainera, lan hau guztiona da eta ez Euskaltzaindiarena bakarrik, nahiz eta bera izan gainbegiratzaile.

Hain zuzen, egun hauetan eta hemen Zarautzen, biltzen da Lexikologi Erizpideak Finkatzeko Euskaltzaindiak duen taldea.

Une honetan hitz elkarketa edo konposaketa aztertzen ari da talde hau, bide horrek hitzen premia erremediatzeko izan dezakeen baliagarritasuna aztertzen.

Gaur eguneko beste eginbehar handi bat hara zein den: lehengo mendeetatik heldu zaigun ondarea biltzea, jasotzea, argitaratzea.

Iturriak dira horiek, hizkuntzaren iturriak.

Alde honetatik balio paregabea izan dezakete guretzat.